Baten batek, kolega batek uste dut, horrelaxe galdetu zidan, bapatean.
Hausnarketa merezi du.
Norberak bere buruari galdetu egiten dio. Ez dakit zuri gertatzen zaizun, irakurle¡. Jende askori, bai.
Norberak bere buruari galdetu egiten dio kontu garrantsitzuei buruz. Galderok existentzia, bizitza ze arraio ote den entenditzeko egiten dira, hala da. Behin adituta, hobeki bizitzen lagunduko duen jakituria bat lortzeko. Batzuetan, bakoitza bere larruan bizitzea, benetako sofrikarioa bilakatzen baita; besteetan, gainontzekoek, lagun-hurkoek ez digute egiten bizitza batere atsegina, ez da hala?
Galdera, kezka, eta zalantzok planteatzeko oso modu diferente daudela, ziur naiz. Guztiak erabat legitimoak, ziurazki. Moduak adina lagun daudela esatera ere ausartuko nintzateke, norbanakoendako modu bat.
Batzuk jakituri zientifiko eta medikuntzan saiatzen dira topatzen, erantzunak. Horretarako, jakintsuarengana joko dute hark esan dezan zer duten. Beste batzuk erlijiorengana doaz soluzio bila, erlijioak “lege taulak” ematen baitizkie, ongi bizitzeko eta horrela… Badira, erantzungo dien jakituria, filosofian topatzen duten batzuk ere.
Nire kasuan, beti, txikitatik, nire familiaren baitan (nire amak zuzendutako hitzetan , baita aitak, osabak esan eta nire lehen urratsetan egondako beste batzuen hitzetan ere), gordetzen ziren nire galderen erantzunak. Era batean edo bestean, hitz horiek markak, aztarnak, utzi zituzten nigan eta haiekin eraikita nengoen. Han, nik nere burua osatzeko behar nituen elementuak hartu nituen. Nola nekien? Zergatik beraiek ziren niretako inportanteenak eta ni haiendako zer esanik ez.
Txiki-txikitan jakin nuen nire guraso eta aiton-amonen amodio eta desio istorio txikietan aurkitu behar nuela nire tokia existitzeko, txoko bat izateko haien baitan. Horrela helarazi zidaten edo modu horretan irakurri nuen haiek helarazitakoan. Nigandik itxoiten zutena eta itxoiten ez zutena; esandakoa eta esan gabe utzitakoa (eta beste modu batean aditzen dena esandakoen arteko isilunetan). Hor, ia-ia, destino bat idatzi zen. Hori argitu, guzti horrek nola funtzionatzen duen ulertu eta ze pisu daukan gaur egun hartzen ditudan erabakietan baloratzeko lagunduko nindukeen espezialista bat behar nuen. Espezialista hori psikoanalista bat behar zuen izan. Horrela da.
Banekien eta badakit mundu honetan toki bat izateko premiak ez zuela zer ikiustekorik besteek aholkatutako gauzak egitearekin; ez besteek emandako errezeta eta kontseiluekin, beste persona batzuendako oso baliotsuak suertatzen bazaizkie ere; are gutxiago sustantzia kimikoak, farmakoak, alegia, erabiltzearekin. Ez diet toki bat ukatuko, baina niretzat, ez dira aukera, bizitzeak dakarrren sufrimentu eta ezinegonei aurre egiteko.
Zientzia eta psikologia zientifikoek ez dute interesik norbanakoaren bereizitasunean, ezta bakoitza bakarra eta benetakoa egiten gaituen horretan. Ez, psikologiari gai orokorrak interesatzen zaikio; balio unibertsal izan dezaketen arauak eta legeak topatu nahi ditu, gero bere taxonomiak egiteko: TOC (Trastorno obsesivo-compulsivo delakoa); Antsietate-Nahastea; Nahaste Bipolarra…) Etiketa hauen atzean ahaztu egiten da hitzaren subjektua, hau da, bere bizitzaren arduraduna den subjektua, baita bere sintomaz eta sufrimenduaz ere.
Ziuraski, errazagoa da. Norbaitengana jo eta jakitun horrek esatea, kontsultatzen duena zer daukan eta zer egin behar duen konpontzeko. Listo!!!Egin horrela edo bestela; hartu hau edo hori eta ikusi duzu zeinen ongi doakizun. Egia esan, ez da nire modua. Ez da izan, ez da eta ez da izango nire bilatzea.
Ikus daitekeen haur freudianotzat jo nuen nere burua, txiki-txikitatik. Psikoanalisiko haurra psikoanalisiari buruz ezer aditu baino lehen.
Marie Langerri, austro-argentinar psikoanalistari, zergatik psikoanalisia galdetu ziotenean, hauxe eratzun zuen: “Balio baitu. Bakoitzak bere burua hobeki ulertzeko balio du; baita bestea ere. Gainera, norberak bere buruari, ia gezurrik ez esateko, balio du.”